covid

29/11/2020
aulas-erradas-euskadi-kq2D-RMD4fcDpN8LuqsBwAmUl8JI-624x385@El-Correo-ElCorreo.jpg

COVID baino ez?

Une zail hauetan, COVID eta haren ondorioak (eskola publikoarentzat batez ere) gai bakarra direla dirudienean, eta berarekin dena estali nahi dela ematen duen honetan, komeni da berriro gogoratzea zein den gure euskal hezkuntza-sistemaren alfonbraren azpian dagoen arazo nagusia. Eskola-segregazioa du izena, Euskadiko Eskola Kontseiluak, SAVE the Childrenek eta irakaskuntza publikoan lan egiten duten eragile guztiek behin eta berriz salatu dutena, sare publikoak egunero pairatzen jarraitzen duena, eta arazoari irtenbiderik bilatu nahi ez dena.

 

Eskola-segregazioa: gure hezkuntza-sistemaren lotsa

EAEn, maila sozioekonomiko bajuko ikasleen kontzentrazioak ikastetxe guztien % 46,6ri eragiten die, eta kontzentrazio-maila oso handia duten ikastetxe horien % 88,9 titulartasun publikokoak dira, SAVE the Childrenen arabera (2018). Egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Nola liteke? Eskola publikoari baliabideak ukatzearen eta itunpeko irakaskuntza neurriz kanpo finantzatzearen ondorio zuzena da, azken honen aldeko apustua egitearen ondorio zuzena, guztiona den irakaskuntzaren kaltetan. Eusko Jaurlaritzak epaile inpartzialaren papera hartu du bere gain, zeharo ezberdinak diren bi sareak berdinak balira bezala tratatuz; hartara, denborak eta ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsuak errepikatzen duen eskola-segregazioa hazten jarraitzen uzten du, berezko eta ezinbesteko fenomeno bat balitz bezala.

 

Ondorioz, EAEko ikastetxeen ia erdiek (guztion diruarekin finantzatuak) kuota ekonomikoen bidez («borondatezkoak», legez kanpokoak direlako) ikasleak hautatzen jarraitzen dute, eta horrek benetako diskriminazioa sortzen du aukera dezaketen familien eta aukera ekonomikorik ez dutenen artean, hau da, arrakala bat sortzen du, ikastetxeen arteko banaketa sozial bat, segregazioa, hain zuzen.

Propagandarako planak

Sozialki justifika ezina den errealitate honen eta urtez urte kaleratzen diren etengabeko salaketen aurrean, Eusko Jaurlaritzak aurpegia garbitu nahi izan du aniztasuna eta inklusioa defendatzen omen duten baina sistema publiko-pribatu desorekatua eta diskriminatzaile honen errealitatea kolokan jartzen ez duten eta arazoaren jatorrira ez doazen hainbat dokumentu eta planekin:

 

“2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana” ez da %20an ere gauzatu. «Atzerritar jatorriko ikasleak eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak» dokumentuan, 2018ko urrikoa, ez da neurri zehatzik agertzen. Hamaika Esku programa, bestalde, ez da nahikoa. «Bizikidetzaren eta hezkuntza-ekitatearen aldeko lankidetza-hitzarmenak» (2019ko uztaila) gizarte arloko neurri asistentzialak baino ez zituen barne hartzen, eta Vitoria-Gasteizen bakarrik (bertako Mahai Interinstituzionalak atera zuen txostena kajoi batean dago). Hilabete horretan bertan, «Magnet-Erakarri» proiektua jarri zen martxan, EAEko sei ikastetxeetan bakarrik aplikatzen dena, horietako batzuek salaketa jarri zutelarik proiektua egiteko baliabide gehigarririk ez zegoelako. Komeni da Kataluniako Magnet esperientziaren bultzatzailea den Jaume Boffil Fundazioaren ondorioak irakurtzea, behin eta berriz esaten baitute segregazioa ez dela geldiaraziko Hezkuntza Sailak eta dagokion Udalak bereizketa horren aurkako neurri politiko espezifikoak hartu ezean. Hemen aplikatu ez diren hezkuntza-politikako neurriak.

Laburbilduz, paperezko planak, asmoak, hitz politak, erdizkako neurriak, baina martxan jartzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri gabe, eta sistema honek sortzen duen diskriminazioari buelta emateko benetako neurririk gabe. Horren ondorioz, irakaskuntzako profesionalak dira, beren inplikazioarekin, eskola-segregazioaren kudeaketa beren bizkar daramatenak, hezkuntza-komunitate osoari eta haren gizarte-inguruneari eragiten diena.

 

Gogora dezagun Eusko Jaurlaritza (EAJ-PSE) gai honen aurrean erretratatu zela 2018ko irailean, Zubiak Eraikiz plataformak bultzatutako eta 17.000 herritarrek baino gehiagok babestutako Legegintzako Herri Ekimen (ILP) bat (hezkuntza-sistema inklusiboago eta ez segregatzaile baterantz aurrera egiteko gutxieneko baldintzei buruzko eztabaida bultzatu nahi zuena), tramitatzeari uko egin zionean.

Irtenbideak badaude

Neurri asko har daitezke hurrengo matrikulazio kanpainaren aurrean, une hori funtsezkoa baita urtero sortzen duen segregazioa ez areagotzeko: udalerri bakoitzean matrikulazio-bulego bakarrak sortzea ikasleen eskolatze orekatua bermatzeko eta, aldi berean, ikasleen epez kanpoko matrikula kudeatzeko; diru publikoarekin sostengatutako ikastetxeetako familiei «borondatezko ekarpenak» kobratzeko debeku kategorikoa; onarpen-baremoan aldaketak egitea, errentari dagokiona eta ikastetxeak duen erabilera libreko puntua desagerraraziz; itunpeko sarean ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioak kontrolatzea; sare publikoari baliabide eta plantilla gehiago ematea (sare inklusibo, unibertsal, desberdintasunak konpentsatzeko eta euskalduntzeko motor nagusia); diru publikoz finantzatutako ikastetxe guztietan gutxieneko eta gehieneko gizarteratze-tasa bat sortzea; gela berriak ez ituntzea sare publikoan plaza nahikoak daudenean… hau da, sare publikoa sustatzen duten politika aktiboak ezartzea, askotariko ikasleen presentzia ikastetxe mota guztietan bermatzeko.

Urtez urte segregazioa sortzen duen eta euskal gizarteak eskatzen eta behar dituen inklusio-helburuak betetzen ez dituen euskal hezkuntza-sistema birplanteatzeko garaia da.
Errealitateari erreparatu eta aldatzekoa. Kontzientzia soziala behar da gure gizarteko errealitate lotsagarrienetako honekin behin betiko amaitzeko.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Topagunea