2019 octubre

07/10/2019
Oion.jpg

Oionen bizi den eskola-segregazioari buruzko eztabaida «modu erreal eta eraginkor batean ematen ez den bitartean», udalbatzarra egiten den bakoitzean elkarretaratzeak egingo ditu udaletxearen aurrean Oiongo Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, STEILAS eta CCOO sindikatuekin batera. LAB sindikatuak «neurri zehatzak» mahaigaineratu ditu.

Azken urteotan egon diren Gobernuek eta Hezkuntza Sailek «zerbitzu publikoen pribatizazioan eta murrizketetan oinarritutako hezkuntza-politikak» eraman dituztela salatu dute. «Hezkuntza sistema dual desorekatua (publiko eta pribatu-itundua) egonkortu» eta, ondorioz, EAEko auzo eta herri askotako hezkuntza-politiketan «eskola segregazioa ohiko joera» bihurtu dela salatu dute.

Horren adibidetzat jarri dute Oion, orain dela urte batzuk «hezkuntza sare publikoaren eta itunpekoaren artean gertatzen ari den desoreka ikaragarria» azpimarratuz.

Azaldu dutenez, sare publikoa jasotzen ari da gehienbat «zailtasun handienak dituen populazioa», batez ere jatorri atzerritarra duten ikasleak.

Horren ondorioz, bertako maila ertain eta altuko familia askoren inguruko erkidegoko ikastetxeetara edota herriko ikastetxe pribatu-itundura «ihes egitea» eragin du, «ikastetxe publikoaren eskola-segregazioa» agerian utziz, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren eta sindikatuen arabera.

Eskola-segregazioaren aurkako elkarretaratzeak

Uztailean martxan jarri zen Oiongo Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma. Orduan, Ramiro de Maeztu ikastetxe publikoko 110 familiak herrian «eskolatze desoreka handia» zegoela salatu eta segregazioaren kontrako dinamika berria piztu zuten. Horrekin batera, «zonaldean dagoen irakaslegoaren egonkortasun faltagatik» egoera are larriagoa dela ohartarazi zuten.

Duela hiru hilabete, Oiongo Udalari eta Arabako Errioxako Kuadrillari idatzi bat helarazi zioten Ramiro de Maeztu ikastetxeko familiek, haien atxikimendua eskatuz. Era berean, arazoari aurre egiteko instituzioen arteko mahai bat osatzea galdegin zuten, «egoeraren azterketa sakona egiteko» eta egutegi bat prestatzeko «neurri zehatzekin».

Oiongo Udaleko plenoak eztabaida atzeratzea erabaki du, plataformaren esanetan, «alderdi politiko guztien oniritziarekin». Honen aurrean, eskakizun argi bat plazaratu dute: «Heldu diezaieten aurreko gai horiei eta ez daitezela aparkaturik utzi».

Bide horretan, lehenengo elkarretaratzea urriaren 9an, asteazkenean, Oiongo Plaza Nagusian, hots, udaletxe aurrean, izango da arratsaldeko 19:30ean. Eta datozen hilabeteetan mobilizazio gehiago egongo direla iragarri dute.

«Gabezia eta arazo larriak ditugu hezkuntza sisteman»

Oiongo hezkuntza komunitateak «segregazioa gainditu eta herria euskalduntzeko adierazi duen gogoa eta kemena» txalotu zuen LAB sindikatuak, ohar batean. Oiongo arazo zehatzaz gain, hezkuntza sisteman «gabezia eta arazo larriak ditugula» azpimarratu zuen sindikatu abertzaleak. Eta hori «iraultzeko konpromiso argiak» eskatu zizkien inplikatutako erakundeei.

Bestalde, LABen arabera, arazoa konpondu nahi bada, «euskararen murgiltze ereduaren aldeko aldarrikapena funtsezkoa da, batik bat, “A” eta “B” ereduen iraupenak Errioxan eskola segregazioan duen eragina kontuan hartuta».

Hortaz, segregazioaren inguruko «lan-mahaia» sortzea proposatu du sindikatuak, «loteslea eta auditorien bitartez emaitzen berri izango dituena».

Neurri zehatzak mahai gainean jarri ditu LABek, besteak beste:

  1. Matrikulatzeko eragozpenak desagerrarazteko joera izatea: «Familia guztiek diru publikoaz finantziaturiko eskola guztietara sartzeko aukera berdina» izatea, hain zuzen ere.
  2. Matrikulazioaren kudeaketa sistemaren orekari laguntza: «Atzerriko, behar berezietako eta profil sozioekonomiko baxuko ikasleen gutxieneko eta gehieneko indize bat» aplikatzea.
  3. Ratio gutxiago irakasle bakoitzeko: «Ikastetxe bakoitzean dagoen aniztasunaren arabera baliabide espezifikoak» ematea eta «irakasleak egonkortzeko tresnak» bilatzea.