Ikasle zaurgarrien banaketa: konponbide antzua

27/12/20220
banaketa-1280x825.jpg

Hauxe dio Save the Childrenek azaroaren 19an argitaratutako dokumentuan (Ekitaterako eta desegregaziorako… euskal lege baten aldeko Manifestua): «Euskadik leku nabarmena du eskola-segregazioaren ranking tristean: ikasleen jatorriaren araberako segregazio-mailarik handiena du estatu osoan, eta bigarrena da segregazio sozioekonomikoari dagokionez. Horrek esan nahi du aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea ez dela errespetatzen… Eta egoerak okerrera egingo du modu irmoan jokatzen ez bada». Egoera honen jatorria EAEko egitura dual publiko/pribatu-itundua da, ikasleak bi sareen artean ia erdibanatzen dituena. Horrek sistema desorekatu bat osatu du, eskola-segregazioa etengabe sortzen eta erreproduzitzen duena, gure gizartean dauden jatorrizko desberdintasunak, ahal duen neurrian, arindu beharrean. Eta eragin negatiboa du emaitza akademikoetan, gizarte-kohesioan eta euskararen normalizazioan.

Eskola-segregazioa ia ez da existitzen eskola publikoa gehiengoa den herrialdeetan. Segregazioaren eta sare pribatuaren presentziaren artean korrelazio zuzena dago, eta hori ez da kasualitatea. Gobernu autonomiko guztiek zerbitzu publikoak pribatizatzeko egin duten apustuarekin (Osakidetza, kasu), sistematikoki urratu dituzte sare pribatuari diru publikoa emateko arautzen duten legeak (LODE, Hitzarmen-dekretuak), ikastetxe haien praktika txar guztiak baimenduz (kuotak, ikasleen aukeraketa, doktrinamendua…). Sare pribatua egoera horretaz baliatu eta zabaltzen joan da, sare publikoak gaur egun duen desabantaila-egoerara iritsi arte.

Hezkuntza Sailak neurri hori planteatu du (LOMLOE Lege Organikoak behartua) azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuaren bidez, eta eskola-segregazioaren aurkako tresna bezala justifikatu. Azkenean, gobernu batek onartu behar izan du gizarte-justiziako arazo bat dagoela, segregazioa alegia, (urteetan ez ikusiarena egin ondoren), baina sintomari baino ez dio heltzen, arazoaren kausari aurre egin beharrean. Sintoma da ikasleen banaketa onartezina bi sareetan, eta horren kausa irakaskuntza pribatuaren presentzia izugarria, ituntze-maila ia erabatekoa, eta familiak aukeratzeko askatasunean soilik oinarritutako eskola-plangintza. Hezkuntza Legearen Aurreproiektuak familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea aldarrikatzen du, baina Arartekoak berak interes orokorreko beste eskubide batzuen mende jartzen du eskubide hori, hala nola ekitatearen, bizikidetzaren, edo gizarte-kohesioaren mende, familien proportzio handi batek ez duelako hautatzeko aukerarik.

Neurri horren bidez, premia gehien dituzten ikasleak sare pribatu-itunpekora bideratuko lirateke, hainbat laguntza ekonomikoren truke. Beraz, ikasle guztien zati bat bakarrik banatuko litzateke, kontuan hartu gabe ikasle horiek beren auzotik eta ingurutik deserrotzean izan ditzaketen ondorioak. Ikastetxea aukeratzeko askatasunaren logika gaiztoari jarraituz, agintzen den banaketa familia horien askatasunaren aurkakoa izango litzateke, proposatzen zaien ikastetxera agian joan nahi ez dutelako. Aukeratzeko eskubidea murriztu egiten da, baina ikasle behartsuen kasuan bakarrik. Gainera, ikastetxe pribatu gehienak erlijiosoak izan eta laikotasuna bermatzen ez dutenez, ikasleak hezkuntza publikotik hezkuntza pribatura desbideratzeak urratu egin lezake familien erlijio-askatasunaren eskubidea.

Proposamena, benetan, desberdinen arteko bizikidetzaren aldekoa balitz, egoera zaurgarrian ez dauden ikasleen banaketa ere gauzatu beharko litzateke, edo, gutxienez, beren ingurunetik urrun dauden ikastetxeetara egiten duten ihesa ordaintzeari utzi beharko genioke, non ez dugun uste egoera sozial oneko familiek duten ikastetxea aukeratzeko askatasuna beste edozein irizpideren gainetik dagoen. Ikasle zaurgarriak banatzea, eta ez ikasle guztiak, ez da eraginkorra, neurri diskriminatzailea da, desberdintasunak sortzen ditu eta ikasleen zati bat estigmatizatzeko arriskua du. Dirudienez, ikasle behartsuak merkantzia bihurtu nahi dira sare pribatuaren finantzaketari eusteko, jaiotza-tasa jaisten ari den testuinguruan itundutako ikasgelen kopurua salbatzeko.

Dekretuak, gainera, beste eragin gaizto bat ere izan dezake: ikasle kalteberatzat jotzen ditu prekaritate-egoera sozial edo ekonomikoekin zerikusirik ez duten hainbat egoera (gaitasun handiak, eskola edo heldutasun-atzerapenak, arreta-arazoak, hezkuntza-premiak), eta, beraz, itunpeko ikastetxeek benetan egoera sozial zailean ez dauden ikasleekin estali ahal izango lukete zaurgarritasun-kupoa. Hori gutxi balitz, banaketa orekatua bi eta hiru urteko geletan aurreikusten da (22-23 ikasturtetik aurrera), ikaskuntza-arazoak eragindako zailtasunak oraindik antzeman ezin izan direnean.

Sintoma ez da konpontzen jatorrira jo gabe. Kontua ez da ikasle ahulak banatzea, baizik eta eskola publikoa aukera naturala izatea, hornituena, onena, mundu guztiak bertara joan nahi izan dezan. Eskola publikoan ez dago inor soberan, ez ditugu umeak banatu nahi, guztiak eskolatu nahi ditugu. Eskola-segregazioa ez da hobetuko ikasle zaurgarrien banaketarekin, ezta plan asistentzialekin edo laguntza puntualekin ere, baizik eta eskola publikoa erdigunean jarriz, itunpeko ikastetxe pribatuaren praktikak geldiaraziz, eta familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea mugatuz, sare bikoitzarekin bukatzeko eta ume guztien eskubideak bermatzeko.

Elkarbizitza, integrazioa eta gizarte-kohesioa nahi baditugu, bide bakarra dago: guztion eskolaren aldeko apustua egin, sendotu eta lehenetsi, hegemoniko bihurtu arte. Konponbidea ez da irakaskuntza kontzertatuaren blindajea. Eskola publikoaren plazen eskaintzaren planifikazio arrazionalaren ondorio logiko gisa, hezkuntza-itunak pixkanaka murriztea izango da eskola-segregazioaren eta injustizia sozialaren aurkako arma eraginkorrena.

Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso eta Jose Manuel Martinez Fernandez (Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideak)

admineskola


Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *