HEZKUNTZA: Kolorebirusatik errealitate gordinera

16/03/2020
mascarilla-1280x721.jpeg

Otsailean Txinatik etorri ziren berriak: birus gaizto bat omen zebilen jendea gaixotzen. Gure eskolan oihartzun xelebrea izan zuen: haurrak “kolorebirusak” marrazten hasi ziren. Jolastokian “kolorebirusa” zen gaiztoa, eta haiek ihes egin behar zioten. Pixkanaka, Kolorebirusa Covid 19 bilakatu zen. Ohi baino gehiagotan hasi ginen eskuak garbitzen, eta egun batetik bestera haurrak eskolara ez etortzeko agindua jaso genuen. Benetan harrapatu gintuen.

Irakasleak, ezohiko egoera honetan zer egin asmatu behar izan genuen. Iritsi zitzaigun argibide bakarra lan egin  behar genuela zen, baina ikaslerik gabe. Lehen Hezkuntzakoek fotokopiagailua sutan jarri zuten, ikasleentzako etxetik lan egiteko materialak prestatzen. Egun gutxi barru, ordea, ezetz, egunero ikastetxera joatea ez zela egokia eta etxetik lan egin beharko genuela. Eta hitz magikoa agertu zen: telelana. Telelana, egun batetik bestera, beste inolako, aholku, jarraibide edota baliabiderik eman gabe, baina kontuan hartzeko “…etxean egindako lana bere ohiko ikasgelan gertatu izan balitz bezala baloratuko dela.

Berehala erakutsi zuten ETBn ikasleak jo eta ke zebiltzala lanean etxetik baliabide digitalak erabiliz eta irakasleekin harreman zuzenean. Baina hori errealitatearen zati bat  besterik ez zen. Beste zatiaz, ez zuten hitz egiten, ez al ziren ohartu, edo ez zuten ikusi nahi? Ikastetxe askotan bizi duguna ez dute islatzen, ez komunikabideek, ezta goitik  datozen aginduek ere.

Jakina da, familiak ezusteko egoera honetara egokitzeko lan handia ari direla egiten. Beraz, orain inoiz baino premiazkoagoa da: ikastetxetik bidaltzen ditugun etxerako lanak, haurrek modu autonomoan egiteko beharko lukete izan. Ikasleekin landu ditugun gaitasunei etekina ateratzeko ordua da: gurasoak -orokorrean amak- irakasle bihurtzea ez da irtenbidea. Familiei alternatiba egokiak eskaintzea izan beharko luke orain gure funtzioa.

Ezin dugu eskolak ematen duen guztia telematikoki ordeztu: sozializaioa, elkarbizitza, euskaran murgiltzea, eguneroko begirada, kulturartekotasuna… Orain zereginak eman, eta harremana mantendu behar dugu familia eta ikasleekin. Eta horrek baliabide digitalak dituztenekin eta gure hizkuntza menperatzen dutenekin hezkuntza-prozesua zailtzen badu, imajina ezazue baldintza horiek betetzen ez direnean… Baina eskola publikoko irakasleok  oso ondo dakigu aspalditik etxe askotan (eta hori etxea duten ikasleen kasuan, egon badirelako etxerik ere ez dutenak), ez dagoela nahikoa baliabide digitalik, ez haurrentzako materialik eta ezta lan txoko aproposik ere, eta gurasoek nekez lagun  dezaketela (lanera joan beharra, zaintza zama handia, seme alaba kopuru handia, gaitasun digital eskasak, maila kultural baxua, hizkuntzaren ezaguera urria, pobrezia larria…).

Cristina Uriarte Hezkuntza Saiburuak martxoaren 24an: “…Jakin dezala ikasleak, pantailaren beste aldean, edo aitak edo amak ikastetxean jaso dizkion ariketen atzean, irakasle bat dagoela, arduratzen den hezkuntza-profesional bat…” Ba, bai Uriarte andrea, zuk esan aurretik ere, hala ari ginen: baliabide digitalik gabeko familiei lanen bila pasatzeko esan zitzaien. Baina hurrengo egunean, Arabako Hezkuntza Ordezkari den Blanca Guerrerok beste hau bidali zigun: “ …Ikastetxeetara hurbiltzen diren familiei zigorra ezarriko diete konfinamendua urratzeagatik. Horregatik, etxean baliabide telematikorik ez duten ikasleei arreta emateko alternatibak bilatu behar ditugu. Ildo horretan egiten ari zareten edozein praktika, proposamena, iradokizuna eta abar, guri jakinaraztea eskatzen dizuet…”. Erraz esaten da hori.

Ondorioz, orain ezin diegu familiei lanen bila etortzeko esan (nahiz eta osasun gomendioak jarraituz ari ginen), eta gainera alternatibak pentsatu, asmatu eta haiei aterabideak eskaini behar omen dizkiegu. Ez da makala eskatzen zaiguna! Gutxi balitz, gaixotzen bagara, hor konpon, ordezkorik ez. Ikasleak teleirakaslerik gabe geratzen dira.

Bitartean irakasle asko, bere telefono pertsonaletik beren gelako gurasoen whatsapp taldean sartu dira; beste asko, egunero ikasleekin telefonoz harremanetan jartzen saiatzen ari dira; eta ikastetxe ugaritan, hori lortzea sekulako lana da eta ezinezkoa kasu askotan; posta arruntaz lanak bidaltzen dituzte batzuk, egunero bideoak grabatzen dantzan, kantuan… dabiltza beste batzuk youtuberren antzera, wifia elkarbanatzeko auzo-ekimenak sortu dira, badaude wifia guztien eskura jarri duten herriak eta beharra duten ikasleen artean ordenagailuak banatu dituztenak ere… Agintariek badute nondik ikusi, eta nondik ikasi. Telebista programazio bat eskaintzea ongi dago, baina ez da nahikoa. Baliabideak jartzea haien esku dago: ekin diezaiotela.

Osasun sistema publiko on baten garrantzia ikusten ari gara egunotan, guztientzako osasun arreta bermatuta izatea ezinbestekoa da ongizatea lortzeko. Hori erakutsi digu koronabirusak, eta pribatizatzearen alde ibili direnentzat ezinbesteko ikasgaia. Ikasiko al zuten!.

Hezkuntzan, inor atzean ez uzteko eta gizartean ditugun arrakalak (sozioekonomikoa kulturala, digitala…) murrizteko erantzunkizunari tinko eusten diona hezkuntza publikoa da. Baina Hezkuntza aduradunek, beste alde batera begira jarraitzen dute.

Berriro ere, eta orain pandemia latz honengatik, gure sistema desorekatu honen gabeziak azaleratu dira. Beldur gara krisi honek egoera zailetan dauden ikasleengan izango dituen ondorioez. Nola egongo dira maila emozional, sozial eta psikologikoan? Hezkuntza publikoko irakasleok aparteko ahalegin bat egiten dugu egoera arruntean, eskola publikoaz harro egoteko arrazoia, eta une berezi honetan malabarismoak egitera behartuta gaude, hau da errealitatea. Arduradunek hezkuntza ez dela geratzen diote, baina esatearekin ez da nahikoa.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

Plataforma a favor de la Escuela Pública Vasca

admineskola