Ikastetxea aukeratzeko askatasuna: noren askatasuna?

02/02/2020
HazitikGora-euskal-eskola-publikoa_tokikom_700x700.jpeg

Joan den astean, EAJk, PSEk eta PPk proposamen bat baztertu zuten Legebiltzarrean: itunpeko ikastetxeetan ikasgelarik ez finantzatzea, eskola publikoetan plaza libreak dauden bitartean. Eman zuten argudioa da neurri horrek beren haurrak hezteko ikastetxea aukeratzeko familiee duten askatasuna urratzen zuela.

Ikus dezagun askatasun hori zertan den adibide erraz batekin. Pentsa dezagun euro bat dudala, eta hiru txokolatina ezberdinen artean aukeratu nahi dut, bakoitza ere euro bateko prezioan. Askatasun osoa daukat txokolate ezberdinen artean aukeratzeko, eta gobernuak ez du zertan sartu txokolate beltzagoa edo zuriagoa jan nahi badut (hala ere, gomendagarria izan liteke hiru paketeetan ohartaraztea azukre asko kaltegarria dela osasunarentzat). Orain imajina dezagun euro bera dudala, baina euro bateko txokolatina baten, bi euroko baten eta hiru euroko baten artean aukeratzeko. Benetan esan al daiteke aukeratzeko libre naizela, benetan euro batekoa bakarrik «aukeratu» dezakedanean? Jakina ezetz. Ildo beretik, familia langile bati, hilabete amaierara nekez iristen denari, hiru ikastetxe-aukera aurkezten bazaizkio, eskola publiko bat (kuotarik kobratzen ez duena), eta itunpeko beste bi, zeinetan kuota bat ordaindu behar duen (legez kanpokoa, bide batez), esan al daiteke lotsarik gabe familia horrek hiru eskola horien artean aukeratu dezakeela? Bada, ezta ere.

Hezkuntza demokratiko eta inklusiboa defendatzen dugunon agindu etiko bat da «aukeratzeko askatasunari» buruzko eztabaida honen atzean ezkutatzen den errege biluzia azalaraztea: EAJk, PSEk eta PPk ez dute defendatzen ikastetxea aukeratzeko familia guztien askatasuna, argi baitago izatez familia pobreek ez dutela askatasun hori. Familia batzuen aukeratzeko askatasuna defendatzen dute, eta, horrela, beste pribilegio bat ziurtatzen diete dagoeneko pribilegio ugari dituztenei.

Matías Cordero Arce

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola