Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak Elkarbizitzaren eta Hezkuntza Berdintasunaren Hitzarmenari buruz.

25/11/2019
elkarbizitza.png

Joan den asteazkenean, Gasteizko Alkateak eta Hezkuntza Saileko arduradunak elkarbizitzaren eta hezkuntzaren aldeko lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuten. Segur aski, gure plataformatik duela aste batzuk eginiko prentsaurrekoan publikatutako eskola-segregazioaren gaineko datuek behartuta. Hitzarmen hau, martxoan aurkeztutako intentzio-protokoloan oinarrituta dago, lau esaldi gehitu dizkiote eta argitaratu dute, argazkiko irribarreak eta guzti.

 

Baina oso kontu serioa da. Gure hirian bizi dugun egoera larriaren aurrean, asmoen protokoloaz hitz egitea  hitzaurrearen hitzaurrea da, hau da, ezer ez esatea. Protokoloek jarduketetarako, ekintzetarako eta prozeduretarako izan behar dira baliagarriak, ez asmoen edo desio onen araberakoak.

 

Protokoloak aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntzarako sarbidea bermatzea proposatzen du, baina ez du zehazten nola bermatuko den berdintasun hori.

 

Bestalde, lurraldearen egitura soziala, bizilekuaren banaketa, etxebizitzarako laguntzak, ikastetxeen kokapena eta auzoetako errealitate demografikoak eskoletan bizi den bereizketa-egoerarekin zerikusia duela dio protokoloak, eta  hainbat politika aztertu behar direla horren inguruan. Baina mila aldiz demostratu da auzoen errealitate demografikoek zerikusirik ez dutela eskola segregazioaren datuekin.  Orduan, zein izango dira sarbide-politika, plangintza eta tokiko politika horiek, oker dagoen errealitate sozialaren irakurketa batetik abiatzen badira?

 

Protokoloak dio, hezkuntza inklusiboa eta kultur-artekoa bultzatzeko, bizikidetza bultzatzeko, eta ikasleek eta familiek jarduera ludikoetan parte hartzeko neurriak aztertuko direla. Gizarteratzeko politikak dira horiek, baina hezkuntza esparrurako, oso pobreak suertatzen dira.

 

Erakunde publikoen eta gizarte-eragileen ekintza koordinatua sustatu nahi dute. Baina errealitateak kontrakoa erakusten digu; bai protokolo hori, bai Hezkuntza Sailaren aurreko ekimenak ez dira koordinatu, ezta kontsultatu ere, eskola-segregazioaren aurka borrokatzen den hezkuntza eta gizarte komunitatearekin. Halaber, 2016. urteko erakunde eta eragile batzuek, ez denek, osatutako mahaian proposatu ziren neurriak, ez dira bete. Eta, azkenik, Hezkuntza-Komunitateko gehiengoak errefusatu duen Hezkuntza-Lege berri bat dugu etorkizun hurbilean.

 

Ez da segregazioaz hitz egiten, apartheid hitz madarikatua etorriko zaie burura agian. Hezkuntza Saileko arduradunarentzat eta Gasteizko Alkate jaunarentzat ez da hitz hori existitzen. Hainbat sare egoteak eskola-segregazioan duen eragina ezkutuan uzten da. Ez kuotak legez kanpo kobratzeari, ez epe barruko atzerriko ikasleen matrikulaz, ez ikasleen ezkutuko hautaketaz, ezta ikasleen ekonomiak mugatutako hautatzeko askatasunaz ere ez da hitz egiten.

 

Laburbilduz: elkarbizitzarako asmoak bai, baina hezkuntza-ekitateari dagokionez, hitz hutsak eta neurri jakin bat ere ez. Beste behin ere, diagnostiko okerretik abiatzen da, martxoan aurkeztu zuten protokolo baten sinadura eszenifikatuz, funtsezkoena eta sakoneko apustu politikoetan ezer aldatu ez dadin. Edo are okerragoa, lau haizetara iragarriz “Imàn (Magnet) proiektuak,», martxan jartzeko edo egitura-neurriak hartzeko beharrezkoak diren baliabideak eman gabe, eskola segregazioaren kudeaketa irakaskuntzako profesionalen bizkar botatzeko beste behin ere.

 

Ez dago astirik asmoetarako, neurri zehatzak eta  berehalakoak hartzeko garaia da, eta ausardiaz Eskola Publikoa ardatz duen hezkuntza-sistema propioaren aldeko apustua egin behar da.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola