Araba euskalduna, eskola publikoaren eskutik.

25/06/2019
12-araba-euskaraz.jpg

Urtero bezala, titularitate pribatuko ikastola kontzertatuek Araba Euskaraz jaia antolatu dute gure herrialdean beren proiektuetarako dirua biltzeko asmoarekin. Hezkuntza sistemak euskararen ezagutza eta trasmisioa lortzeko, ezinbesteko lana betetzen duenez, aztertu ditzagun Araban gaur egun dugun sistema horren ezaugarri eta zehaztapenak.

 

Haur eta Lehen Hezkuntzari begira, hots, hasierako euskalduntze lana egiten duen etapari begira, Araban 58 eskola publiko daude eta 30 ikastetxe pribatu-kontzertatu (Kristau Eskolakoak 16, 10 ikastola eta beste lau izaera ezberdinetakoak). Eskola publikoa sistemaren %61a da, irakaskuntza erlijiosoak eta beste lau ikastetxe horiek %28a osatzen dute, eta gainerako %11 ikastolek.

 

Banaketa geografikoari begira, 58 eskola publiko horietatik 32 Gasteizen daude (institutoak zenbatu gabe) eta 26 probintzian. Kristau Eskolako ikastetxe gehiengoa, 14,  hiriburuan dago kokatua (Aiaraldean beste biak). Hamar ikastoletatik, 2 baino ez daude Gasteizen. Herrialdean (Gasteiz alde batera utzita) publikoaren eta pribatuaren arteko aldea oso handia da: %72 publikoa da eta %28 kontzertatua. Arabako 18 herrietan (Artziniega, Aiara, Okondo, Izarra, Zuia, Legutio, Aramaio, Zigoitia, Araia, Dulantzi, Iruña Oka, Ribabellosa, Maeztu, Kanpezu, Elciego, Lantziego, Laguardia eta Valdegovia), eskola publikoa baino ez dago eta  bertako umeak bertan euskalduntzen dira.

 

Hizkuntza ereduei errepatzen badiegu, hauexek Euskadiko Eskola Kontseiluak bere 2015-2017ko txostenean eman zituen Arabako datuak: Eskola publikoan, D eredua nagusi azaltzen da (%75), eta B eta A ereduak hondarrekoak dira (%20,5 eta % 4,9). Ikastetxe itunduetan, berriz, D eredua %24 baino ez da, B ereduak %68,6 handi bat hartzen du eta A ereduak %7,4 (ikastoletan D eredua %100ekoa da, noski).

 

Datu hauen ondorioak begi bistakoak dira: ikastolek bere lekua dute gure herrialdearen euskalduntze bidean, jakina, baina oso leku txikia (%11); Kristau Eskolak eta gainerakoek (%28) ez dute bermatzen beren ikasleek euskararen ezagutza nahikoa lortu dezaten  (A eta B ereduak %76a osatzen dute!), ez dituzte, beraz, legeak agintzen dituen hizkuntza-helburuak betetzen, eta diskriminazio linguistikoa sustatzen dute, legea urratuz (hori guztia diru publikoarekin). Araban, Eskola Publikoa da euskalduntze lanaren puska handiena egiten duena, ikasleen %60 baino gehiago jasotzen duelako bere altzoan. Hemen Araban (eta EAEn ere), umeen euskalduntzea eskola publikoan egingo da edo ez da egingo.

 

Hauxe da errealitatea: Araban, sare publikoa ekarpen erabakigarria egiten ari da euskararen alorrean, inoiz egon den euskalduntzeko makinarik eraginkorrena izanik. Gerora begira, jendartearen kohesiorako eta hizkuntzaren biziraupenerako Eskola Publikoa da bultzatu, lagundu eta zaindu behar dena bere baitan kokatzen baita euskararen etorkizuna.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

admineskola